Ez zen garai haietan gobernu eta oposiziorik. Menperatzaileak ekarritako hitz eta politika egiteko era arrotzak ditugu biak ala biak. Inposatu, eta guk geure eginak. Sarri alderdikeriaz hartzen ditugu erabakiak, boto pertsonalik nekez ikusiz. Blokean blokeatuta. Eztabaida eraikitzaile ordez, ezalabaida antzuz, arrakala eragilez. Aldeak gehiago urrunduz. Gobernuko alderdiak baietz, oposiziokoak ezetz. Oposizioa, a priori, gaia edozein dela ere, kontra baitago. Gaitz egin digu konkistak: ‘nirekin ala nire kontra’ erakutsi digu botereak. Eta gure egin dugu arrotza, gobernuan ere.
Nola berreskuratu jatorrizko jatortasuna? Udaletxeak ditugu erabakigune aproposak. Herriko gaiak, herritarrak batzarkide, medioetako politikaz (?) bazter.
Poztuko ninduke, udalbatza berriak lehen batzarra udaletxetik gertu den aritzpean egingo balu, irekian, itzal argian, arbasoak gogoan. Geure politika egiteko erak konplexurik gabe berreskuratuz, batzar zein auzolan.
Badugu euskaldunok emeki arrotzeko garaia, geure lurrean jatorrizkoa berrezarriz.
Geure ikur den aritza ere bai.
Osasuntsu daukagu. Hesitua ere bai. Bere haziak lur antzuan erortzen dira, ernegaitz. Ez dago ondorenik, baldin eta herri bueltako lurretan zabaltzen ez ditugun ezkurrok, eri den piñuaren lekua hartuz.
Osasuna lehen planora ekarri daigun.
Ongi etorri, batzar berri.
----------
Iñaki Idigoras Igartua
Oñati