Kontuan hartuta Ezker Abertzaleak Arrasateko Udalean agintea izan zuen denboretan egindako ekimenak: Legarreko pabiloian egindako gestioaren ondorioz, hainbat enpresak alde egin zutela eta orain hutsik dagoela edo lokal askori huskeria bategatik ukatutako baimenak edo Osina inguruko industrialdean ezarritako baldintza gogorrak…
Horri gehitzen badiogu eurak izan direla alde zaharrari hainbeste kalte egin zion PER-en egileak eta euren jarduera urbanistikoaz Arrasateri tonu gris eta triste hori eman diotenak…
Ez da handia EH Bilduren proposamenek izan dezaketen sinesgarritasuna. Aztertu dezagun ea zerekin datozen:
1-Ostalaritza eta merkataritza indartzea; Udalak emango dituen lanpostuak kalitatezkoak eta duinak izango direla. Hau ulertzeko, gogora dezagun Merkataritza eta Ostalaritza zinegotzigo bat sortu nahi dutela; enplegu horiek sail horretako funtzionarioentzat izango dira.
2-Etorkizuna Giltza Programa garatzea. Hau da, inork irakurriko ez duen txostena egitea.
3-Turismoaren inguruko plan bat egitea. Hau da, diru gehiago, inork irakurriko ez dituen txostenak egiteko. Kirolen inguruko turismoarena; batez ere, BTTren ingurukoa, Lezetxikiko interpretazio zentroa, balizko industria museoak…
4-Enplegua sustatzeko ostalaritza eta merkataritza "uztartzea".
Ez du merezi zentzugabekeria eta ganoragabekeria zerrenda honekin jarraitzea.
Aurpegia gorritu barik ausartzen dira esaten aurreko agintaldian azokarako proiektu bikaina egin zutela. Maider Morrasek esango digu zenbat diru desbideratu zuten ekimen horretara. Baina azoka ez zuten ezertan hobetu, eta bertara doazen inguruko baserritarren egoera ere ez. Zenbat aspertu ziren baserritar gizajoak bilera haietan...
Arrasate Aurreran, mondragoetar guztion erabateko berdintasunean sinesten dugu eta ez dugu onartzen EH Bilduk Udalaren azpikontratuetan jarri nahi dituen baldintza sexistak –13 azpikontratuetatik 7 emakumeak izatea–.
Ekonomia indartzeko bidea ez da funtzionario kopurua justifikaziorik gabe gehitzea edo txosten absurdoak enkargatzea. Arrasatearren esku dago hau ez onartzea.
----------
Ramon Ugalde Gorostiza
Arrasate Aurrera!
Arrasate