Zure herrian agertu ez eta bestean tokirik bai?

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2019ko mai. 24a, 00:00

Udal hauteskundeetarako hautagaien zerrendak begiratzean, hainbat gogoeta etorri zaizkit burura. Lehenbizikoa, hainbat zerrendatan ezagutzen ez ditugun hautagaiak daudela. Sortzen diren lehenbiziko galderak: nortzuk dira? Nongoak dira? Eta niretzat garrantzitsuena, zer interes izango dute gure herriarekiko? Ezagutzen al dute gure herria? Eta aurkezten direnez, zein interesek bultzatzen dute hautagaitza osatzeko?

Bigarren gogoeta izan da EAJko zerrendetan zenbait hautagai independente bezala agertzen direla. Horrek gai ezberdinetan alderdiko norabidearen aurka joan daitezkeela esan nahi du? Edo alderdiko kuotarik ez ordaindu arren EAJk ezarritako norabideak inongo eragozpenik gabe jarraitzeko prest daudela? Bigarren aukera honen alde egingo nuke.

Baina hirugarren egoera batek ere eman dit atentzioa. Gure herrian, Eskoriatzan, EAJko zerrendetan gehiengo absolutua independenteek osatzen dute eta, aldi berean, inguruko herrietara esportatzeko hautagaiak, alderdiko militanteak direnak, baditu. Esportazio honen adibidea Antzuolan daukagu. Eskoriatzako PNVko politikari militante profesionala izan eta Antzuolako zerrendetan agertu. Zergatik ote? Agian, EAJren filosofia Antzuolan ondo finkatu dadin ezarri dute eta misio helburua betetzen du. Edo kudeaketan laguntzeko bere esperientzia eskaintzeko dago zerrendetan? Ez ditut benetako arrazoiak ezagutzen, baina apur bat arraroa da egoera. Zuzenena, nire iritzian, bizi zaren herrian agertzea eta horren alde zure lana eta esfortzua eskaintzea litzateke. Urrutitik ezagutzen duzun herriari, edo bisitan ezagutzen duzun hori apur bat arrotza ez al da izaten? Dena dela, ez dut zalantzan jartzen arrazoi ezberdinak egongo direla, eta bidezkoa da opa izatea bai antzuolarrei eta kanpotik agertutako hautagaiei hilaren 26ko hauteskundeetan zorterik onena. Hala bedi.

----------

Aitor Zubizarreta

Eskoriatza

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak