Irabazi Bergarak arriskuan ikusten ditu Agorrosingo atletismo pistak

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2019ko mai. 19a, 00:00

Irabazi Bergarari elektoralista eta lotsagarria iruditzen zaio EAJren eta PSE-EEren Gobernuak Agorrosingo zelaiaren hitzarmenaz egin duten erabilera.

Gobernua 4 urtetan BKErekin hitzarmena sinatzetik oso urruti zegoela esaten ibili eta gero, hauteskundeen atarian, mirari bat gertatuko balitz bezala, agintaldi hasieran lasai asko sinatu zitekeen hitzarmena adostu du BKErekin.

Irabazik apirileko Kirol batzordean garbi utzi zuen ezer sinatu aurretik gaur egun kirol eremu honek dituen gabezia guztiak herritarrekin antzeman eta biharko egunean eremu honek izan beharko lukeen itxura herritarrekin adostu beharra zegoela. Honela, Agorrosinek behar dituen konponbide guztiak proiektu integral batean garatuz.

Hala ere, Gobernuak maiatzaren 13rako ezohiko osoko bilkura baterako deialdia egin zuen, hauteskunde kanpaina garaian, eta bertan, Irabaziren botoekin izan ezik, beste alderdi guztien botoekin hitzarmena aurrera atera zuen.

Bilkuran bertan, Irabaziri onartezinak egiten zaizkion adierazpenak egin zituen Gobernuak. Besteak beste, esan zuten gaur egun atletismoko pisten erabiltzaileak diren hirugarren adineko pertsonek, elbarriek, korrikalariek, ikastetxeetako kirol jardueretakoek, eskola kiroleko haurrek, eta abarrek, etorkizunean, bidegorrira joan beharko dutela kirola egitera. Horrekin, Gobernuak garbi uzten du zeintzuk diren bere intentzioak eta sentsibilitatea atletismoarekiko.

Irabazi, futbolak gaur egun duen futbol zelai gabezia ikusita, zelai naturala artifiziala bihurtzearen alde dago, baina, gutxienez, atletismoko hiru kale mantentzea eskatzen du, instalazio hauek erabiltzen dituzten erabiltzaileen mesedetan.

Momentuz, hitzarmenak ez du esaten atletismoko pistak kentzen direnik, bakarrik aipatzen ditu zelaia artifizial bihurtzea, zelaia ureztatzeko sistema jartzea, argiteria ipintzea eta atezainak entrenatzeko txoko bat egokitzea.

Baina filmaren amaierari antza hartzen zaio.

----------

Aiert Lizarralde

Irabazi Bergara

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak