Seminarixoko parkinga

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2019ko mai. 17a, 08:28

Aspalditik dator aparkaleku faltaren arazoa Bergarako erdigunean. Deba ibaiaren eta alde zaharraren bitartean garatu da erdigunea eta honekin lotuta datorren guztia: biztanleria multzo handi bat eta hauei eta herri guztiari zerbitzua ematen dieten hainbat eta hainbat zerbitzu desberdin, publikoak zein pribatuak, Udala, aurrezki kutxa eta banketxe, epaitegia, era guztietako dendak, osasunarekin lotutako hainbat zerbitzu, UNED, jatetxe eta tabernak, Seminarixoa, eta profesional desberdinen hainbat zerbitzu.

Eta herritarrak erdigunera datoz, herriko beste auzo batzuetan bizi direnak eta baserri-auzoetakoak, eta baita inguruko herrietakoak. Eta kotxean datoz. Urrintxo bizi direlako, pisua eraman behar dutelako, adinez nagusiak direlako edo osasun arazoak dituztelako, presaka dabiltzalako edo horrela tokatu delako. Eta joan nahi duten lekutik gertu aparkatu nahi dute.

Honek trafiko arazoak sortzen ditu, eta, guztien gainetik, aparkatu ezina. Udalean agintean egon diren talde desberdinak saiatu dira egoera honi aurre egiten, TAO(OTA) hobariak kotxea garajean aparkatzearren, eta abar. Baina nahikoa da. Iritzia orokorra da, guztiok daukagu soluzioa buruan eta herriak barneratuta dauka: lur azpiko parkinga behar dugu erdigunean.

EAJ-PNV aspaldi hasi zen hau lortzeko lanetan, eta horretarako erosi zuen Madrilen Seminarixoko patioa, gaur egun herriarena dena. Eta 2015eko programan egiteko asmoen artean sartu genuen. Eta 2017an ekin genion, behingoz, lanari. 2019an egin dira aurretik egin behar ziren lan batzuk eta dena ia prest dago lan handienarekin hasteko.

Noski eragozpenak sortuko dituela, tamaina honetako lan batean ezinezkoa da bestela, baina aginduta dago eragozpenak ahalik eta txikienak eta ahalik eta denbora laburrenean izango direla.

Guk parkinga Seminarixoan egiteko asmoa berresten dugu. Hitza ematen diogu herriari. Gure esku badago, egingo dugu.

----------

Lander Arregi eta Maite Agirre

Bergarako EAJ-PNV

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak