Lau urtez proiektua baztertu eta atzeratu du gaur egungo EAJ-PSE udal gobernuak.
Azkenean, udal hauteskundeak baino 23 egun lehenago jarriko da martxan. Lotsagarria da horrelako proiektu baten erabilera elektorala egitea.
Maiatzean martxan jarri eta ekaina/uztaila/abuztua/iraila itxita? Lau hilabetez? Ez zen hobeto zuzenean urrian indartsu hastea? Hauteskundeak pasa eta 7 egunetara etengo da zinema?
15 urte goaz zinemarik gabe herrian. Askok salatu dugu egoera eta alternatibak lantzen saiatu gara urte askoz. Benetan 3 egun lehenago abisatuta eta proiektu sendorik gabe zabaldu behar dela zinema? Ez da zinemazaleekin saio irekirik egingo? Dena azpikontratatzearekin nahikoa dela uste dute? Zinema herrikoia orain!
Asteburuan Soinujolearen semea ikustera joango naiz, Seminarixoa herriarena delako, eta Bergarak zinema txukun bat merezi duelako, baina herritar bezala guztiz lotsagarria iruditzen zait proiektu honen trataera arduragabea.
Kultura ez da hauteskundeen bezperan auzo bat asfaltatzea.
----------
Ander Bolibar Zabala
Bergara