Agintaldi honetako Maria Ubarretxenaren proiektu izarraz: Aprendices operazioa, disparate baten kronika

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2019ko mar. 22a, 08:46

Aprendices Udalaren jabetzara pasatu zenean, sekulako lorpen gisa aurkeztu zuen. Bere gobernualdiaren proiektu estrategikoa zen.

Hori lortzeko, Udalak onartu egin du SPRIri ia 2.700 m2 ematea Zalduspen eta urbanizazio lanak bere gain hartzea. Kontuan hartzen badugu Aprendicesen orubeak 1.800 m2 baino gehiago ez duela, garbi dago Arrasate galtzen ateratzen dela. Zer dela eta horrelako tratu desorekatua? Norentzako da estrategikoa horrelako permuta bat egitea? Dirudienez, Zalduspeko eremu horretan "bata zuridun" enpleguak kokatuko dira, baina balizko bata zuridunen enpresak Garaia Gunera bideratzea ez da logikoagoa?

Bide batez, jakin gura genituzke operazio honen guztiaren gastu ezkutuak: biltegi toxikoen kudeaketa, Zalduspeko enpresen egoera, orubeen erosketetan gastatzen ari diren dirua, eremu horren urbanizazio gastuak… eta 2007an Aprendices itxi behar izan zutenean, erakin horren patologia aztertu zuen adituaren txostenak zioena. Elmako bulegoen eta Zerrajerako erlojuaren eraikinak Udalaren jabetzakoak izanik, ez dugu ulertzen ez Aprendicesekin horrela tematzea ez eta SPRIrekin egindako permuta hori. Eraikin bi horietan nahikoa leku dago Arrasateko kultur ekimen gehienak kokatzeko. Eraikin horiek askoz egoera hobean daude eta birgaitze lanak askoz ere merkeagoak izango lirateke. Bestalde, nola da posible 6,2 milioitik 5,6ra jaistea – BEZa sartu gabe– obraren aurrekontua? Agian, zinegotziek ez daukate zertan jakin zeintzuk diren eraikuntzako gastuen gorabeherak, baina Hirigintza Saileko teknikariek? Horrek berak ez du ikerketa bat eskatzen? Eta zer esan egiten ari diren berreraiketaz? Ba al dauka zentzurik egoera penagarrian dauden horma horiek –gerora guztiz estalita joango direnak– ez erortzeko jarri dituzten burdinazko habe eta zutiko handi horiek? Ba, ez, ez dauka inongo justifikaziorik horrelako zentzugabekeria bat egiteak.

Eraikin hori berreskuratu nahi bazuten, merkeagoa eta bidezkoagoa –tranpak egin gabe; hau da, erortzeko zorian zegoela eta ez zela arkitektura arrazionalista onartuta, errekarekiko tartea errespetatuz eta, bide batez, errekarekiko irisgarritasuna lortuz–, askoz ere aukera hobea zuten eraitsi eta behar bezala berriro jaso izan balute.

Errare humanum est sed perseverare diabolicum.

----------

Ramon Ugalde

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak