Txirrinkaren azken bira

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2019ko ots. 9a, 00:00

Txirrinkak birak emateari utzi dio

Badira 18 urte eguneroko joan-etorriak bizikletaz egin nahi eta horretarako zailtasunak topatzen genituen hainbat herritar elkartu eta Txirrinka sortu genuela, egoerari aurre egin nahian, taldeari izena emateko Oñatin gurpila esateko erabiltzen den hitza hartuz.

Orduan hasi zen gure txirrinka bueltak ematen, eta gaur arterainoko bidea egin du.

Ibilbide horretan egindakoen zerrenda aipatu genezake: bidegorriak eskatzeko protestak, bizikleta erabiltzen dutenak saritzeko gosariak, hitzaldiak, mahaiinguruak, hainbat leku ezagutzeko irteerak Natur Eskolako lagunen jakintzarekin aberastuak, bultzada eta animoa eman diguten bazkide talde ederra ere izan dugu.

Horrekin guztiarekin, gauzak asko aldatu dira taldea sortu zenetik gaur egunera arte, onerako: bizikletaren erabilera asko handitu da eta oso jende desberdinak erabiltzen du, bidegorriak dauzkagu, kirola egiteko tresna izateaz gain herri barruko mugimenduetarako tresna moduan ere hartzen da orain bizikleta, bizikleta mota desberdinak ere ikusten dira, argidunak, euritarako prestatuak...

Baina Txirrinkak ez du bere bidea amaitu hori dena lortu delako.

Orain ere zeregin asko ikusten ditugu: bizikletaren erabilera egokia bilatzea – abiadura, oinezkoen lekuak errespetatzea...–, oinezkoen, bizikletadunen eta autoen arteko elkarbizitza hobetzea, ibilgailu motordunek bizikletentzako bideak hartzen dituztenean salatzea, bizikleta bide berriak sortzea eta agintariei gogoraraztea ez dela nahikoa orain arte egindakoarekin, eta badagoela zer hobetu eta aurrerantzean ere hobetu eta zaindu beharreko kontua izango dela.

Zeregina badago, baina gure txirrinka geratu egin da, bueltak emanarazteko behar den indarra agortu zaigulako.

Penarekin egiteke geratu denagatik, baina egindakoarekin pozik.

Gure Txirrinka honaino heldu da, ibilbide bat egin du eta hor geratzen da, inor bera berriro bueltaka jartzeko gogoarekin agertu daitekeen esperantza txikiarekin, eta egindakoaz harro.

----------

Aitor Ugalde

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak