Sakelakoaren bidez kontua eskatu diot, jokatutakoa, eta berak, ia txoratuta nagoen erantzun; Udalaitz hiru tontorreko haitz zabal bat dela ez dit, ba, esan! Neuk zor diodala jokatutakoa berari! Adostasun aukerarik gabeko eztabaidan kateatu gara, elkarri geziak boteaz, lehendik hotza zen harremana izoztuz.
Gertatutakoa lagunartean kontatu dut, haren kontu barre egiteko, umorearen gerran, eta hari kontu hartzeko lagun bila. Kuadrillako batek ere aferaren bat izan omen zuen beste aramaioar batekin. Estentsioz, aramaioar guztiak jo ditugu ezjakin, gezurti eta autoritariotzat. Aramaioar klasea sortu dugu, klasifikatu ditugu, gure herriaren etsaitzat joz. Abantaila izugarria eman digu ariketa honek. Interes ezkutuko asko batu zaizkigu kausara. Gure egitekoa, aramaioarrak borrokatzea. Klase borroka. Sormenezkoa baino, suntsitzailea. Kontra borroka.
Hainbesterainoko indarra metatu dugu lelo honekin, ezen Aramaiori su ematea ere otu zaigun, haiek gabe, klase hura gabe, gu eta herria hobeto biziko garelakoan. Arrakastaren mozkorraldian, sinetsita.
Ez dakit aramaioarrak antzeko pentsamendurik izan eta horrelakoetan ari ote diren, baina usaina hartzen diot baietz, haiek ere gu xaxatu gaituen indar berak mugitu dituela.
Horrela ikusten ditut sarri alderdi politikoak, nor bere trintxeratik, anaia arteko kontra borrokan.
----------
Iñaki Idigoras Igartua
Oñati