Arrasateko txosna batzordearen oharra, Ibon Arrupek jaietan kendutako pankartaren harira

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2018ko uzt. 7a, 00:00

Arrasateko Txosna Batzordeak, behin jaiak amaituta eta horien balorazio lasaia egin ondoren, ohar hau kaleratu nahi du, herriko plazatik preso politikoen aldeko pankarta kentzeak sortutako iskanbila dela eta.

1. Txosna Batzordearen egitarauan agertzen zen ekainaren 25eko manifestazioa ez zen antolatu Ibon Arrupe zinegotziaren aurka. Manifestaziorako baimena ekainaren 1ean eskatu zen, eta Arrasateko presoak etxeratzearen aldekoa zen. Ez zen bere dimisioa eskatu, baina, izenik aipatu barik, manifestaziorako dei egiten zuen pankarta bat horrela apurtzea arbuiatu zen.

2. Txosnagunea ez da Ezker Abertzalearen edo, norbaitek esan duen moduan, "mundu horren" egitura bat. Euskal Herrian Euskaraz, IA, Ttak, Askapena eta Mirentxin Gidariak izan dira aurtengo txosnagunea eta egitaraua antolatu dutenak, eta beste urte batzuetan Eskubaloi Taldea, Mondra, Kitzikan... eta beste hainbat ibili dira gurekin.

3. Txosnetako lantaldean dihardugunok adierazpen askatasuna babesten dugu, baina ez txosnagunean bakarrik, baizik eta herri osoan. Ez dugu onartzen kartelak eta pankartak behin eta berriz kentzea. Espazio publikoa denona da, bai, baina hori ez da adierazpen askatasuna mugatzeko argudio bat, haren erabilera bultzatzekoa baizik.

4. Era berean, jaien "politiziazioa" dela eta, guztiz zilegi dela deritzogu jaietan mezu politikoak zabaltzea. Hain zuzen ere, hori da politika egin ahal izateko lehen baldintza, publikoki eztabaida, kritika, aldarrikapenak egin ahal izatea. Ez dakigu nola nahas daitezkeen gune publikoak politikarako erabiltzea eta bakea arriskuan jartzea, arduradun politiko batek esan duen bezala.

Labur esanda, Txosna Batzordea osatzen dugun eragileok ez dugu Ibon Arruperen aurkako manifestaziorik antolatu, preso politikoen askatasuna eskatzen zuena baizik. Bestalde, uste dugu bakea eta elkarbizitza kaltetzen dituena ez dela pankarta jakin bat, baizik eta herritarren adierazpenak indarkeriaz kentzea.

----------

Josu Zugasti, Gorka Rodriguez, Lierni Etxeberria eta Gari Arsuaga

Arrasateko Txosna Batzordearen izenean

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak