Ekaitzak bazterrak astindu ditu, eta zenbait jenderen barrua mugiarazi ere bai; tartean, Antzuolako udalbatza osoaren izenean, lerro hauek idazten ari den alkatearena. Hondamendiaren eta txikizioaren aurrean, elkarri laguntzen, batuta erantzuten duen herriaren argazki ikaragarria ezin da diruz ordaindu; hori da dugun aberastasunik handiena. Hortaz, udalbatzaren izenean, zorionak, lehendabizi, portatu zarete! Eta eskerrik asko!
Eskerrak ere udal-langileei, ordutegi barik eta prestutasunez ari direlako aste osoan; astelehen goizean obrako makinak herria garbitzen jarri zituzten Aldundiko eta obrako arduradunei, larrialdizerbitzuei… eta, zela ez, eskertu, beren baliabideak gure esku jartzeko eskaintza egin eta jarri ere egin diguten inguruko udalei: Bergara, Elgeta, Eskoriatza, Oñati –Antzuolako garbiketa-lanetan hondatutako kamioiaren faktura pasa lasai, Biain!–…
Sare sozialetako animo eta elkartasun mezuak, e-maileko mezuak, herritar arrunten deiak… eskertzeko zerrenda luzea da, eta zerrendek badute arrisku bat: norbait ahaztea. Horregatik, zuen ekarpentxoa egin duzuen guztiei, nahiz eta gu konturatu ez, bihotzez eskerrik asko Antzuolako udalbatzaren izenean!
----------
Beñardo Kortabarria
Antzuolako alkatea
Antzuola