Podfaster ezizenarekin bataiatu dira kontsumitzaile aseezinak. Oso gazteen joera bat bezala ezagutu badugu ere, arreta partzial jarraitua, irakurketa diagonala, presaren preso bizitzea eta lasaitasunik eza gure garaiko pandemia orokorrak dira dagoeneko.
Bizitzako hiru denboraldi biren denboran ikusteko irrikak bizi gaitu. Oporren biharamunean lagunari esan nion: "Tope deskantsatzera bai". Ederra oximoroia. Denbora hutsuneek ere estresatzen gaituzte dagoeneko. Etengabe garuna estimulatze honek lotura zuzena du gure jakiak kontsumitzeko ohitura, eta elikadurari eskaintzen diogun denborarekin. Erritmo hau zalantzan jartzeko dugunok elkartzeko proiektu berezi batek sustraiak botako ditu hurrengo egunetan Bergaran. Ereindajan Bertako Elikagaien Topaguneak denda irekiko du gure herrian. Zortekoak gu. Ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harreman justuago bat naturalizatzeaz gain, bertako eta garaiko elikagaien topaguneak gure erritmoa iraultzeko hiru aukera eskainiko dizkigu egunero. Poliki gozatzeko eta galdera berriak ereiteko ordua iritsi zaigu.