Badira hamabi urte Bergara, zinemarik gabeko herria izendatu genuela. Azken hamarkadan erabilera anitzeko aretoaren hainbat parte hartze prozesu eta bilera izan ditugu, eta bertan zinema duin baten premiaz aritu gara askotan. Udaletik udalera, teknikotik teknikora eta herritarretik herritarrera, proiektuak aldatu, luzatu eta lausotu dira. Aspaldi irekita izan behar genuen zinema aretoaren pista galduta izatera heldu arte.
Azken hilabeteetan kalean hainbat zurrumurru entzun ditut zinemaren proiektuaren egoeraz. Proiektua aldatu omen da eta prozesuan bidelagun izan ginenok ez dugu inolako berririk. Kultura baliabideen eta ondareen kudeaketa gardenik gabe kulturak ez du zentzurik.
Udalera informazio edo hitzordu eske idatzi nuen orain bi aste, erantzunik ez. Hemen doa galdera bera: proiektuan zehaztuta zegoen bezala, zinema zirkuituan egoteko beharrezkoak diren baliabide teknologikoez hornitutako instalazioak izango ditugu areto berrian? Nola osatuko da aretoaren programazio kudeaketa? Galdera zehatzago baten barnebildu ditzakegu: non eta noiz ikusiko dugu Handia gure herrian?