Guztion artean lortuko dugu!

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2017ko api. 28a, 09:36

Azken hilabete hauetan Oier Gomez preso politikoaren etxeratzea aldarrikatzeko guztion artean egindako lanari esker, Oierrek zituen hiru euroaginduen etenduraren berria jaso eta gero oso positiboki baloratzen dugu kondenaren etendura ahalbideratu duen garaipen kolektiboa.

Hiru euroaginduak bertan behera gelditzeak Oier laster Euskal Herrira gerturatzea dakar. Zuen guztion babesik gabe, hau ezinezkoa izango zen.

Gogora dezagun Oier urtarrilaren 10ean eraman zutela ospitalera eta oraindik ere Parisko ospitale batean jarraitzen duela. Oier oso gaixorik dago eta behar duen tratamendua etxetik hurbil dagoen ospitale batean jaso behar du.

Oierrekin batera, gogora ekarri nahi ditugu larri gaixo diren beste hamarnaka preso politikoak, eta hauek ere lehenbailehen kaleratuak izan daitezela exijitzen dugu.

Apirilaren 8an, ETAk gizartearen esku utzi zituen arma guztiak erakundearen armagabetzea burutzeko. Batzuek pausoak eman bai, baina besteak orain arteko espetxe politika hiltzailearekin jarraitzeko asmoa dutela adierazten ari dira behin eta berriro komunikabideetan. Bada ere formula xelebreak proposatzen dizkionak Madrili: euskal preso politikoak gehienez ere etxetik 250 kilometrora egon daitezela. Baina zer da hori? Guztiak Zaballara ekartzea exijitzen dugu. Euskal preso politikoen %80 etxetik 400 kilometro baino gehiagora dago.

Salatzen jarraituko dugu larriki gaixo dauden preso politikoak heriotzara kondenatu nahi dituztela. Preso gaixoak alarma gorrian daude.

Gaur, ostirala, arrasatear guztioi deia luzatu nahi dizuegu herriko plazara etor zaitezten. Oraingo honetan, hainbat herritarrek patata-tortillak, solomoa eta txorizoa prestatuko dituzte bertan dastatzeko. Era berean, datorren maiatzaren 6an Gasteizerako deialdia luzatzen dizuegu, SAREk deitutako manifestazioan parte hartzera, bertan eskatuko baitugu larri gaixo dauden preso politiko guztiak etxeratzea. 

Egoera honek behin betiko amaitu behar du. Gaixo larriek eta kondena beteta duten presoek kalean behar luketela aldarrikatzen dugu. Salbuespen legedia amaitu eta legea bete dadila eskatzen dugu.

Mendekuan eta giza eskubideen urraketan oinarritutako espetxe politika behin betiko amaitu behar dugu. 

Ez izan zalantzarik:

Guztion artean lortuko dugu!

----------

Aitzol Auzmendi, Beronika Garai, Edurne Iraola, Juan Luis Arexolaleiba, Iker Sanpedro, Oihan Zubizarreta, Jose Ramon Arkauz, Xabier Zubizarreta, Aizpea Otxandiano, Julen Arregi, Haizea Pagoaga, Urki Larrea, Kepa Altube eta Maite Uranga

Arrasateko Sare

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak