Aramaioko EAJren udal taldea osatzen dugun zinegotzion ustez, Aramaioko Udal Gobernuaren aurrekontu-proposamena berandu etorri da. Lehen aurrekontu-zirriborroa martxoaren 9an ezagutu genuen.
Eta etorri ere, akatsez josita eta arrapaladan etorri zen. Hiru aste baino ez da igaro lehen zirriborroaren aurkezpen-egunaren eta onarpen-egunaren artean. Bada, era berean, esan beharrekorik: txikikeria batzuk izan ezin, gobernu-taldeak ez du EAJ taldearen proposamenik gogoan hartu eta onartu. Besteak beste, EAJk honako hauek proposatu zituen: udalerrian dauden txabolen zerrenda egitea, jarraian legeztatu edo/eta zelan jokatu erabakitzeko; hiriaren antolakuntza-plana eta PERIa bukatzea; Mendixola Zentroaren dinamizazioari behingoz ekitea; udal jabetzapekoak diren basoen ganadu- eta baso-erabilera aldi berean egitea; genero-indarkeriaren arrisku posibleak ekidite aldera burutu beharreko ikerketa egitea; Ibarran eta, batez ere, Aramaioko auzo guztietan desfibriladoreak jartzea; ura eta hondakinak fakturatze aldera egin beharreko ordainagiriak zuzen egitea; Udalak eta udal langileek ematen dituzten zerbitzuen ebaluazioa eta herritarren gogobetetzea neurtzea helburu duen ikerketa bat egitea; kudeaketa gardena egitea, aurrekontuak, langileen zein kudeatzaileen soldatak argitaratuz.
Udal Gobernuak EAJ taldeak egindako proposamenei emandako erantzunak aitzakia hutsak izan dira, gehienetan ezetz borobil batekin jantziak.
Bada, era berean, azpimarratu beharreko ezetz borobil bat: Eudelek egindako gomendioei emandakoa. Udal Gobernuak, Eudeleko kide izan arren, ez du Eudelen gomendioa bete. Ondorioz, udal taldeei legalki dagokien diruaren banaketa EH Bilduren mesedetan jarri du eta, nahita, kalte egin dio EAJri.
Gaur eta hemen kosta egiten zaigu Udal Gobernuaren jarrera ezezkorra ulertzea. Nola da posible neurri aurrerakoiak onartu eta aurrekontuan jaso beharrean, horiei bizkarra ematea?
Udal Gobernuko kideengan ikusitako jarrera ezkorra ikusi ondoren, EAJren udal taldeak ezetza eman zion martxoaren 30eko osoko bilkuran Udal Gobernuak aurkeztutako aurrekontu-proposamenari.
----------
Rafael M. Bengoa, Roman Berriozabal eta Andoni Erkiaga
Aramaioko EAJren udal taldea
Aramaio