Han izan ginen musikaz, mugimendu sozialez, korronteez, nostalgiez, gaur egungo abangoardiez… gure denboraren zati handi bat eskaintzen diogun musikaren eta bere liturgiaren inguruan borobilean eztabaidan.
Nola ez, han atera ziren euskal musika definitzeko enegarren saiakerak, gutasunak musika estiloz banatzeko inertziak, korronte berriak postmodernizatzeko tik nostalgikoak, gazte lokalak, gaztetxeak, txosnaguneak… Baina ze gutxi hitz egin genuen 2017an inguruotan ditugun proposamen musikal interesgarriez. Lasai, bi aukera eder ditugu hurrengo asteetan: apirilaren 1erako jaialdi interesgarria antolatu dute Halabalooza irratsaioko kosmonautek. Gure gozamenerako BET jaialdiaren edizio berri bat etorriko da maiatzean.
Egin ezazu zuk zeuk filosofia bat da, ez musika estilo bat. RRVaz etengabe ari garela-eta, eztabaida zaharretan formak edukia jaten digu. Mugimendu hauen garrantzia ertzak plazara ekartzea da, musika tresna izatea eta gauzak beste modu batean egin daitezkeela erakusten jarraitzea.