Hori da Oñatiko bizikletazaleen elkartea, Txirrinka, sortu genuenetik egin duguna: pedalei eraginez txirrinkari bueltak eman eta bidea egin, abiadura handiegia hartu gabe, baina geratu gabe. Oñatin bizikletaren erabilera sustatzeko sortu zen Txirrinka, bizikleta kirolerako edo aisialdirako bezala eguneroko garraiobidea izateko eta bizikletan modu seguruan ibili ahal izateko bideak eskatzeko.
Gauzak asko aldatu dira ordutik, onerako. Hasieran aldats pikoak besterik ez genuen topatzen, orain bidea leundu egin da, geroz eta jende gehiagok erabiltzen du bizikleta Oñatin, horretarako bideak ere egin dira. Txirrinka, ordea, ez da geratzen, bizikleten txirrinkak bueltaka dabiltzan bitartean, beti dago bidea egiteko, batzuetan korapilatsua izaten den oinezkoen eta beste garraiobideen arteko elkarbizitza baten barruan.
Bidea egiten jarraitzen du Txirrinkak, baina berrindartu beharra dauka pedalei eragiten jarraitzeko, indar berria behar dugu. Horregatik, elkartean parte hartzeko gonbidapena luzatzen dugu edo elkarteko bazkide izateko aukera eskaini. Etorri nahi duenarentzat, hilero lehen astelehenetan elkartzen gara (19:15ean kiroldegian); elkarteko bazkide egiteko kuotak 10 euro balio du eta opari ikusgarri bat (benetan ikusgarria) jasoko dute bazkide egiten direnek. Martxoaren 29an Oñatiko plazan egongo gara, gure asmoak azalduko dizkiegu bertaratzen direnei, bazkide egin nahi duenak bertan izango du aukera, gure kamiseta erosi ahal izango da eta gaiarekin lotutako beste edozein kontutarako ere hantxe egongo gara.
Etorri, aurrerantzean ere Txirrinkak bueltaka jarrai dezan.
----------
Aitor Ugalde
(Txirrinka elkartearen izenean)
Oñati