Administrazio publikoetako azpikontratek gure sinadura behar dute!

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2014ko ots. 3a, 00:00

ELAk Legegintzako Herri Ekimen bat abiarazi du.

Asmoa da, sektore publikoetako azpikontratetako enplegua babestea eta gutxiengo baldintza batzuk bermatzea. 

Horretarako, behin tramitera onartu ondoren, 30.000 sinadura batu beharko ditugu.

Legegintzako Herri Ekimena herritarrok legegintzan parte hartzeko modu bakarra da. Horren bidez eramaten dira eztabaidatzera Legebiltzarrera indar politikoek aintzat hartu ez dituzten gaiak. 

Azken finean, demokrazia parte hartzailearen adierazgarri argienetako bat dugu. 

ELAk prozesu hori bere gain hartu du oraingoan. Helburua da administrazio publikoetako azpikontraten eskubideak babestea. 

Murrizketa eta erreformen ondorioz, lan-baldintzak prekarizatu dira orokorrean eta batez ere sektore publikoetako azpikontratetan. 

Garbitzaileak, lorazainak, kirol-etxeetako zerbitzu emaileak... udal batek bere ohiko jardunean "erabiltzen" dituen langileak dira azpikontratuak. Guztiok ikusten ditugu, kaleak eta eraikin publikoak garbitzen, igerilekuetan begirale lanak egiten... baina gutxik dakigu zein baldintzatan ari diren. 

Administrazio publikoetako baldintza-orrietan (pliegoetan) ez da gutxieneko bermerik jasotzen, eta horrek zapalkuntza areagotzen du hainbat sektoretan. 

Batzuetan enpresa zerbitzu emailea aldatzeak lanpostu galtzea dakar, bestetan udaletako murrizketen ondorioz, lanaldiak berez laburrak izanik are gehiago murrizten dira. 

Gainera, hainbatetan, hitzarmen kolektiboa bete gabe uzten da, enkanteetan lizitazio-prezioak jaistearen ondorioz. 

Eta azkenik, soldata-eskala bikoitzak ere aurkitzen ditugu kontratazio berriei baldintza txarragoak ezartzen zaizkielako. 

Herri-administrazioek sektore publikoko jarduerak azpikontratatzeko guztion dirua erabiltzen dute. 

Hortaz, bidezkoa iruditzen zaigu langile horien lan baldintza duinak izan daitezela eskatzea. 

Gainera, horrela, herritarrei eskaini beharreko zerbitzu publikoen kalitatea indartzen dela uste dugu. 

Ondorioz, ELAko Legegintzako Herri Ekimenak ondorengo eskaerak batzen ditu: langile azpikontratatuei lanaren iraupena ziurtatzea (subrogazioa) enpresa aldatuz gero, gutxieneko lan baldintzak bermatzea (hitzarmena), eta azkenik, eskumena izatea aipaturikoak betetzen ez dituzten enpresak zigortu ahal izateko. 

Hori guztia tokian tokiko administrazio publikoek bere gain hartuz gero, azpikontratatutako langileak babesturik geldituko dira. 

Iritsi da unea hitzetik ekintzetara pasatzeko. 30.000 sinadura dira beharrezkoak hau guztia Legebiltzarrera eraman eta eztabaidatzeko. 

Zurea horietako bat izatea nahi dugu. Sinatu!

----------

Amagoia Lasagabaster 

(ELA sindikatua)

Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak