Pilotarekin jolasean ari diren gazteei begira eta eguneroko elkarrizketaldiaz gozatzen.
Mutil gazteak jolasten ikustean poza sentitu dut, guk ere horrelakoak egiten genituenekoak gogoratuz.
Ilundu du, eta tenperatura jaisten sentitu arren, etxerako ordua luzatu dugu, denok gustura gaudelako.
Gutxitan bezala, gaur motxila ekarri dut lanetik eta etxera joan garenean, ahaztuta utzi dut. Portalean sartu aurretik gogoratu eta bere bila joan naiz, norbaitek hartu duen beldur.
Motxila jaso baino metro batzuk lehenago, jolasean ari zen mutil taldeaz topo egin dut, eta, beldurra arintzearren, atzera begiratu azkar batez, gainean ez zeramatela ikusi dut; lotsa ere eman dit eta euren begirada ere sumatu dut, garrantzirik eman ez diodan arren.
Heldu naizenean ez dago inor jolastokian, baina motxila ikusi eta dena barruan zeukala iruditu zait.
Jolastokitik ateratakoan mutilen arrastorik ere ez dago, baina horrek ez dit konfiantza galarazi eta pozik noa, eguna bukatzera doala eta gaurkoa ere egun ederra izan den sentsazioaz.
Pozak ez du askorik iraun, dena den; etxera heltzean, kanpoko poltsiko batean neukan diru poltsaz gogoratu eta aurkitu ez dudanean, pilotarekin jolasean ari ziren mutilak etorri zaizkit gogora.
Ezagutzen ditut, aretxabaletarrak dira eta elkarrekin herriaz gozatzen egon gara, baina eurengan dudan konfiantza galtzear nago.
Dirua berreskuratu nahi dut eta betiko gogoratuko dudan keinuaren zain nago, dirua bueltatuko didaten esperantza eta konfiantza daukat; ikusten ditudanean eskatu egingo diet, baina ausartuko dira bueltatzera? Baietz espero dut; lerro hauek irakurtzen dituzuenerako nire konfiantza berreskuratuta izango dudala espero dut.
Eskerrik asko aldez aurretik, mutilak, Aretxabaletan konfiantzaz eta lasai bizitzen jarraitu nahi baitugu denok.
----------
Oier Etxebarria
Aretxabaleta