Urtero bezala, txapeldunak izan zituen, nahiz eta ikusleen berotasunarekin parte-hartzaile guztiok sentitzen garen txapeldun.
Hamargarren ekitaldia ospatzeko, hamarrak hasi eta bukatu ditugun bi korrikalari –tartean, ni neu– saritu zituzten. Baina benetan saritu behar direnak antolatzaileak dira, hamar ekitaldiotan sekulako lana egin dutelako, benetako lan borobila; eta ez bakarrik korrikalarien ikuspegitik: antzuolar harro bezala ere bai. Bene-benetan, txapeldunak eta saritu beharrekoak zuek zarete. Zorionak eta eskerrik asko!
Era berean, urte hauetan boluntario ari diren guztiak aipatu nahi nituzke: anoa-puntuetan, bidegurutzeetan, kontsignetan… Eta, nola ez, lasterkariak animatzera etortzen zareten guztiok: zuei ere zorionak!
Antolatzaileekin bat eginez, Irimoko inguruetan egin nahi duten deskalabrua gaitzetsi nahi dut; inguru paregabea suntsitu nahi dute. Utzi Irimo bakean!
----------
Gurutz Zabalo Erostegi
Antzuola