Enpatiaz jardun du Jon Maia bertsolari zumaiarrak, jendea irabazteko beharraz. Herriek duten autodeterminatzeko eskubideaz aritu da Iñaki Zarraoa getxoztarra. Abertzaletasunaz eta demokraziaz jardun dira biek ala biek. Alderdien gainetik dagoen mugimendua azpimarratu dute biek, Gure Esku Dago ekimenarena. Oinarrizko eskubidetzat jo dute erabakitzekoa, independentziaren alde egon ala ez.
(Argazkia: Ilunpetan)
Hitzaldia Aimar Uribesalgo oñatiar gazteak aurkeztu eta gidatu du. Zazpietan hasi eta bederatziak arte iraun du; hogei minutuko solasaldia eman die hizlari bakoitzari eta ondoren galdera sorta.
Jon Maiak, Gazta zati bat filmetik hasi eta esperientzia pertsonala kontatu du. Iñaki Zarraoak aldiz, autodeterminazioaren legediari errepasoa eman dio, Kanadako Gorte Gorenaren erabakitik hasi eta gaur egunera arte egon diren kasuak azalduz. Gure Esku Dagoren mugimendu sozialak alderdien eta instituzioen jarrerak eta erabakiak aldaraziko dituztela esan dute biek, baldin eta gehiengo soziala lortzen bada erabakitzearen eskubidearen inguruan.
Maiatzean gehiago
Maiatzean ere hitzaldiak antolatuko dituzte Oñatin. Kataluniako bateren bat ekartzeko asmoa azaldu dute. Eta bukatzeko, ekainaren 12ko galdeketa egiteko beharrezkoak diren sinaduren % 10a gainditu dutela adierazi dute atzoko ekitaldian Oñatin: 1.100 sinadurako langa pasatu dutela, alegia.