Eskubaloia kontaktuzko kirola dela jakina da; errespetuzkoa. Zoritxarrez, beste kirol batzuetan ikusten ditugun jarrerak izan ziren. Infantiletan, neska-mutikoei, kirol bat ikasteaz gain, balioak erakutsi behar dizkiegu.
Guraso talde bat, errespetu falta handiz, gaizki-esaka eta txistuka aritu zen. Okerrena da 16 urteko arbitro baten kontra ari zirela. Halako baten, arbitroak partidua geratu, gurasoak isildu arte itxaron eta ez zuela arbitratzen jarraituko esan zien. Haiek zirela adinez nagusiak eta ezin zietela eredu eta irudi hori eman alabei. 16 urteko mutil batek adinez nagusia zen talde bati!
Horrelakoak, zoritxarrez, kirol, partidu eta aste bukaera askotan gertatzen dira. Hausnar dezatela seme-alabak ikustera eta animatzera doazen gurasoek. Izan ere, ahazten zaigu kirola ez dela irabazi edo galtzea bakarrik. Hori nola lortu eta egiten den, horrek duela benetako garrantzia, bereziki adin jakin batzuetan.
Bide batez, besarkada handi bat arbitratzen ibiltzen zareten neska-mutilei. Zuek barik ezingo lirateke partiduak jokatu! Eta gurasoei; izan ere, arbitroek ere gurasoak dituzte.
----------
Gotzon Arzelus Garai
Bergara