Mundua gizaki eta AHT barik

Erabiltzailearen aurpegia Goio Arana 2014ko mai. 6a, 00:00
Oraingo astean lizitatu dute AHTren zatietako bat, hain zuzen ere, Bergara eta Arrasate lotuko duen zatia.

Argitaratu denaren arabera, 133 milioi euro beharko dira bi herrien arteko 2,9 kilometroko trenbide zati hori eraikitzeko. Gure ibarra ei da, eraikitzeko orduan, egitasmo erraldoi horren gunerik zailenetako bat. Izan ere, hemen kokatzen da Y dontsu horren korapiloa. Zailtasunak zailtasun, eta ondo bidean, guztira, 600-700 milioi euro inguru gastatuko ditugu 16 kilometro eskaseko ibilbide zati hori egiteko. Tartean, Udalatx mendia zulatzeko. 

Joan den astean ikusi nuen Youtube-n Christopher Dedrick estatubatuarraren La tierra sin habitantes (Aftermath: Population Zero) 2008ko dokumentala. Ikus-entzunezko hori ez da sekulako artelana, baina zer pentsatua ematen du. Dokumentalak ederki azaltzen du nola aldatuko zen mundua, une batetik bestera, gizaki guzti-guztiok lurretik desagertuko bagina. Esan barik doa, panorama izango litzatekeela naturaren errekuperatze prozesu motel, baina, etengabea.

Hego euskal herritarrok, behintzat, jarri dugu gure aletxoa mundua hondatze jardun sistematiko honetan. Beste kontu batzuetan aitzindari izan beharrean (kultura, ongizatea, plazerra...), tristea da ikustea nola tematu garen “garapen” itsu honetan. Hala, harrigarria da ikustea nola utzi ditugun luzerako hondatuta inguruko bazter asko eta asko: industrialdeak, bideak, autobideak, autopistak, aipatutako tren azkarren bideak...

Gorago aipatutako dokumentalean ikusten da zelako astakeriak egin ditugun mendeetan zehar gizakiok. Baina, batez ere, filmak erakusten du gu trabatik kenduz gero, kostata -egin dugun kalteen tamainagatik-, baina, munduak eta bertako espezie gehienek majo bizi eta aurrera egingo zutela gu barik. 

Onartu behar dut, batzuetan, aukera izanez gero, gogoa ematen duela botoi gorria sakatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak