"Goienaren gaineko ikerketa"

Erabiltzailearen aurpegia Goio Arana 2013ko urt. 31a, 01:00

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) argitaratutako Uztaro...

... gizarte eta gizarte-zientzien aldizkariaren azken liburuxkan, 83. zenbakian, Goiena Komunikazio Taldearen gaineko artikulua argitaratu dugu Aitor Zuberogoitia MUko lankideak eta biok.

Ikerlana idatzi ahal izateko, hasteko, aztertu genuen taldearen gainean idatzitako bibliografia. Geroago, jorratu genituen erakundearen dokumentuak: batzar-agiriak, aktak, inkestak, txostenak… Ondoren, elkarrizketatu genuen taldearen lehendakaria; eta, azkenik, antolatu genuen zazpi adituk osatutako mahai-inguru edo eztabaida-taldea. Batez ere, bi xede betetzeko asmoarekin idatzitako artikulua da. Batetik, jaso nahi izan dugu ganoraz bildu barik zegoen erakundearen hamaika urteko ibilbidea. Bestetik, erantzun nahi izan diegu hurrengo bi ikerketa-galderei: zeintzuk dira Goienaren ezaugarri bereizgarriak? Eta zeintzuk bere lorpen nagusiak?

Ikerketa kualitatibotik ateratako ondorioen artean daude, besteak beste: Goienak sekulako eragina izan duela bailara gorpuzten eta beroi kohesionatzen (taldearekin batera, pasatu gara izatetik Deba Garaia, izatera egungo Debagoiena). Orain arte taldea eutsi izan duten hiru ardatzak (euskara-elkarteak, udalak eta lan-bazkideak) egokitu beharrean daudela eta eragile berriak erakarri beharrean: gizarte-taldeak, erabiltzaileak, unibertsitatea... Taldeak hartutako bide multimediak oso emaitza onak eman dituela, eta, fidagarritasuna eta pluralak direla iritzita, oro har, debagoiendarrek pozik hartzen dituztela Goienak ekoizten dituen hedabideak.

Idazlana egiterakoan, konturatu gara, halaber, izan arren geurea Euskal Herrian dagoen tokiko komunikazio talderik handiena eta erreferentziazkoa komunikazioan zein euskalgintzan, oso gutxi idatzi dela Goienari berari buruz. Izan ere, taldeak abian duen informazio-produkzio gurpil azkarrean, apenas aurkitu du astirik bere buruaren gaineko istorioa kontatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak