'Euskera zorrotz, hizkera bizi' tailerra antolatu du Goienagusik

Erabiltzailearen aurpegia Goienagusi 2025ko urt. 21a, 08:45

Joxerra Garciak gidatuko du tailerra eta bina orduko hiru saio izango dira otsailaren 20an, 27an eta martxoaren 6an, 10:00etatik 12:00etara, Arrasateko Kulturaten. Izen-ematea zabalik da. Prezioa da 20 euro Goienagusiko bazkideendako eta gainerakoendako 25 euro.

Euskaraz badakigun arren, badaukagu baita ere zer ikasi eta zertan hobetu. Tamalez, sarri asko, denok edo gehienok, inguruan diren erdal hizkuntza –frantsesa edo espainola- indartsuen eraginez, muga dezente izaten ditugu euskaraz ganoraz aritzeko hainbat arlo eta kontuetan, eta erderakadak sartzen ditugu –'tokian-potian'- gure hizketan, komunikazio maila pobretuz.

Koldo Mitxelena zenak zioen bezala, hizkuntza eta aizkora berdin ebaluatu behar dira: ebakitzeko balio badute dira onak. Eta, jakina, ebakiko badute, zorroztu beharra dago. Horixe da ikastaro/tailer honen helburua ba: lokuzioen bidez, modu atseginean eta talde giro jatorrean, gure euskara zorroztea eta  biziago egitea.

Ameskeria litzateke pentsatzea 6 orduko jardunean euskara guztiz zorroztea lortuko dugula. Ordea, mintegian parte hartzen duzuenoi euskara zorrozten jarraitzeko modu bat, sistema edo arrasto batzuk eskainiko zaizkizue, sekula amaitzen ez den zorrozte lanean gero bakoitzak bere kabuz jarraitu ahal izan dezan.

Interesatuek helbide honetara idatzi behar dute izena emateko: goienagusi@gmail.com

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak