Txuma Murugarren: "Bueltatzeko aitzakia polita izan da 'Gautegia' diskoa"

Agertokietara itzuli da Txuma Murugarren musikaria, eta Nick Cave abeslari australiarraren Nocturama diskoko kantuen euskarazko bertsioekin egin du. Goibekok gonbidatuta izango da bihar, 19:30ean, Ozkarbi elkartean.

Zer nolako emanaldia izango da?

Hiruko formatuan goaz Rafa Aceves (pianoa), Natxo Beltran (bateria) eta ni. Gautegia disko berria aurkezteko kontzertua izango da; egiten dugun lehena, gainera. Ez ditugu diskoko kantu guztiak joko, gure beste kantu batzuk ere tartekatu nahi ditugulako saioan. Uste dut kontzertu berezia izango dela; izan ere, oso ondo harilkatuta doaz abesti guztiak, eta, gainera, hiruko formatu horretan oso ohituta gaude Rafa Aceves, Natxo Beltran eta hirurok. Elkartzen garenean giroa berezia sortzen da; intimoa alde batetik baina indar handia ere bai kontuan hartuta Rafa eta Natxo tartean direla. Musikari iaioak dira eta bertatik bertara ikusteko aukera paregabea da.

Nick Caven Nocturama diskoaren euskarazko bertsioak jasotzen ditu disko berriak.

Bai. Egia da beste instrumentazio bat erabili dugula, baina oinarrian hori da.

Eta ze alde dago Nocturama eta Gautegia diskoen artean?

Nolabait gure begietatik iragazitako Nocturama da Gautegia. Gure soinua da. Ez dugu errespetatu diskoaren instrumentazioa, esaterako. Beste instrumentazio bat erabili dugu. Oinarrizkora joan gara gu.

Zer da Nick Cave zuretzat?

Ez naiz oso mitomanoa, eta, Nick Cave gustatzen bazait ere, ez da nire musikaririk gurtuena, baina Nocturama asko gustatu zitzaidan. Egia da Caven publiko fidelenarendako disko hura etsigarria izan zela. Askori ez zitzaion gustatu. Niri bai, asko gustatu zitzaidan. Orain urte batzuk bertsioak egiteko enkargu bat jaso genuen, eta hortik orain diskoa.

Zortzigarren diskoa duzu, baina egia da 2016an kaleratu zenuela azkena. Jakin dugu beste disko bat ere etorriko dela hurrengo urtean. Itzulera moduko bat da hau?

Garai gaiztoak bizi izan ditugu azken urteotan, asko jaitsi da rockarekiko interesa, bestelako panoramak ireki dira... Horrek denak bere pisua du, eta giro honetatik apur bat aparte ibili gara. Egia da Gautegia bueltatzeko aitzakia polita izan dela. Gero, abesti pila daude urteotan ateratzen joan direnak, eta bizkortu eta disko berri bat ateratzeko esfortzua egitea erabaki dugu. Gogoa dut ikusteko ea zer gertatzen den, eta noraino eramaten gaituen abentura berri honek.

Diskoa aurkeztu berri duzu. Udazkenean zinen zuzenekoak egiten hastekoa. Lehenengoa da Elgetakoa?

Ba bai. Elgetako kontzertuarekin zabaltzen dugu zikloa eta desiratzen gaude ikusteko zer gertatuko den. Hasierak horrelakoak dira. Ez dakizu dena nola joango den eta jakin-min hori duzu. Bada, fase horretan gaude gu. Itxaropentsu gaude. Abesti berriak dira, emozio handiarekin jotzen dituzu eta momentu oso bereziak izaten dira.

Herri txiki bateko elkarte batera zatoz. Horrelakoak askotan, Txuma?

Zalantzarik gabe oso leku atseginak dira. Jendeak adeitasunez eta arretaz hartzen zaitu eta hori gaur egun urreak beste balio du. Eta eskertzen da hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak