Oraintsu arte ahobizi eta belarriprest ibili gara etxeetan jo eta su euskaraz, maskararik gabe. Maskara honekin ahoa eta sudurra tapatuko ditugu, baina eragin mingainari eta komunikatu euskaraz. Ahoa estalita, baina mingaina bizi-bizi. Erabili maskara herriko komertzioetan eta bi metroko distantziarik ez dagoenean. Maskara berezia da. Zumaiako enpresa batetik ekarria. Tela homologatua duena eta kirurgikoa dena. Eta badu berezitasun handi bat: 300 aldiz garbitu daiteke.
Merkatariei ere igorri diegu mezua maskarekin batera. Pentsatu dugu Elgetan komertzioan lanean zaudetenok ere merezi duzuela beste horrenbeste edo gehiago. Hori bai, maskara jarrita bada ere, eman euskarari bidea, ados? Eskerrik asko egoera zail hauetan egiten zabiltzaten lanagatik.
Eta gure elkartearen 25. urteurreneko ekintzekin ez gaude ahaztuta. Egoera nahasia dago, dena den, eta ekintzak egiteko jende askorik ere ez dago batzerik... Ea urte akabera zelan datorren. Nahiko genuke pandemia honi neurria hartuta egotea denok eta azaroan-abenduan Euskaraldian buru-belarri sartzea. Bitartean, zaindu zaitezte eta zaindu zuen ingurukoak ere. Eutsi eta animo!".