Jon Basaguren eta Izaki Gardenak taldea bor-bor daude azken denboraldian. Izaki Gardenak taldeak jo du Euskal Herriko hainbat gune erreferentzialetan eta lekua egin du euskal musikaren panoraman. Hori horrela, talde egokia da Ozkarbi moduko gune batean jotzeko. Hala ere, eta Ozkarbin formatu txikien aldeko apustua egin denez bakarlari etorriko da Jon Basaguren. Berarekin izandako harremanetan egokia ikusi dugu Elgetarako, eta espero dugu ezagutzen dutenendako gustukoa izatea eta ezagutzen ez dutenendako sorpresa atsegina.
Lehen aldiz izango da Jon Basaguren Elgetan, eta Izaki Gardenak taldeak atera dituen disko guztietako kantuak joko ditu; disko bakoitzetik bat gutxienez, eta azkenekotik nahikotxo.
Ozkarbi elkartearekin elkarlanean formatu txikian antolatzen dugun hirugarren emanaldia da. Ekainean Andoni Ollokiegi izan genuen gurean, irailean Tonky Blues Band eta orain Jon Basaguren. Aurreratu dezakegu, gainera, abenduaren 13an Mikel Urdangarin izango dela gurekin.
Basagurenek 19:30ean hasiko du emanaldia, barikuan. Sarrera da 4 euro. Ozkarbi elkarteko barra zabalik izango da.