Elgetatik 09:30ean abiatuta denboraz iritsi ginen Izturitzera, atzo. Herriko ostatuan kafetxoa hartu eta prest ginen Korrikarako. Lehenengo sorpresa: DJ Bull autokarabanarekin. Musika jarri zion itxaronaldiari Izturitzen. Ordua gerturatu ahala, dena den, joan ziren bertaratzen inguruko euskaltzaleak ere. Ez ginen debagoiendar bakarra inguru hartan. Jakin bagenekien Aiherran zirela antzuolarrak. Izturitzetik apur bat lehenago dago Aiherra eta aurpegi ezagunak ikusi genituen herriko kaleetan pasatzerakoan.
Korrikak 705. kilometroa zuen gure parera iritsi zenean, eta haur zein heldu denak sartu ginen bertan. Jende kopuru polita iritsi zen Izturitzera eta musikarekin zein esatarien animo hitzekin bizkortuta konturatu orduko irten ginen Izturitze erdigunetik. Herrian elkartu ginen berriz, arnasa estu eta musua gorri, baina pozik eta irrifartsu Korrikak eragiten duen emozio berezi hori barru barrura sartuta.
Arratsaldean Maskarada
Maulen bazkaldu eta Hoki herrira joan ginen arratsaldean. Urdiñarbeko gazteak ari dira aurten Maskarada egiten eta azkenetariko emanaldia zuten. Hurrengo domekan Muskildin egingo dute, eta ondotik azkena Urdiñarben.
Berezia da Maskarada. Galdu behar ez den esperientzia horietako bat. Korrikari keinua eginez Korrikako petoekin egin zuten sarreretako bat Pitxu eta gainerako kauterrek. Den txikirako jendetxua elkartu zen Hokin maskarada ikusteko, eta tartean Elgetatik joandako 25 bat lagun.