Poliki-poliki badoa forma hartzen irailaren 15ean egitekoa dugun Euskaltzaleen Egunak. Orain bi urte egin genuen lehenengo aldiz, eta herritar ugarik hartu zuen parte ekimenean.
Oraingo honetan ere ez dira faltako neska-mutikoendako puzgarriak, Arrasateko gaiteroak, Goibeko Euskaltzaleen Topaguneko txosna eta jai giroa. Euskararen Soka izango da eguneko ekitaldi nagusia. Hala, nahiko genuke euskararen uztaia eskutik eskura iristea plazara. Euskaraldiaren urtea da honakoa eta Euskaltzaleen Egunak bat egingo du Euskaraldiarekin. Iaz eskolatik ekarri zen euskararen ardura plazaraino eta aurten Euskaraldia izango dugu gaitzat. Ahobizi eta belarriprestak gura ditugu plazaren erdigunean eta horixe izango da erronka.
Bertan irakurriko dugu eskutik eskura plazara iritsi ostean uztaiak barruan dakarren mezua. Euskaraldiako materiala erosteko aukera izango da Euskaltzaleen Egunean, eta izen-ematearen inguruko informazioa ere banatuko dugu.
Gorde zuen agendetan eguna. Irailaren 15ean denok elkartuko gara plazan. Ahobizi, Belarriprest eta herritar guzti-guztiak daude gonbidatuta.
Irailaren hasieran jarriko dira salgai bazkarirako txartelak.