Euskara izan da nire hizkuntza beti: etxean, lagunartean, eskolan eta lanean. Unibertsitatea eta nire egungo etxea dira salbuespenak.
Gazteleraz egin nituen Ikus-Entzunezko Komunikazio ikasketak, nahiz eta hizkuntza hori inork irakatsi ez. Nire hiztegia ez zen, noski, erdal hiztunena bezain oparoa, baina moldatu nintzen.
Eta gaur, gazteleraz egiten dut bikotekidearekin; katalana da. Erosotasunagatik izan da; aitortu behar dut. Seme bat bidean da, ordea, eta garbi daukagu: euskaraz egingo diot nik eta katalanez aitak, eta gaztelerak etxeko eta gure arteko hizkuntza izateari utziko dio. Bestela ere ikasiko du. Bai, horixe!