Oraindik ez zait gogotik joan zer-nolako tristura sentitu nuen auzoko balkoiak zabor-poltsaz beterik ikusi nituen lehen aldian; ezta zintzilikariook apurka-apurka desagertuz zihoazela ikusitakoan sentitutako poza ere.
Duela hilabete batzuk, antzeko tristura sentitu nuen –baina amorru pittin batekin nahastuta– amaren etxe pareko horman pintada bat ikusi nuenean, erdara batu-batuan: Tu vida es un vertedero.
Ez dakit pintadak –eta, egia esanda, bost axola– zaborren inguruko liskarrarekin zerikusirik daukan edo ez, baina inork ez du merezi goizero sukaldeko pertsiana jaso, eta hortxe, une oro, halako mezu pozoitsua begien aurrean izatea.
Horregatik, pintadaren egileari eskatu nahi diot margo-pote bat –grisa du hormak kolorea– eta brotxa bat hartuta, etor dadila berriro ere auzora, pinturaz egindako kaka hori pinturaz estaltzera.
Hala egiten ez badu, pentsatu beharko dut zabortegia, egon, bere burmuinean dagoela.
----------
Gerardo Markuleta
Oñati