Aurrez, aspaldian egon ez garen arren, komunikabideetan maiz ikusi zaitut. Sorgin ehiza balitz bezala, zure eta Ainhoa Intxaurrandietaren aurka jotzen ari dira boterean daudenak. Errauskailuaren ordezkoa izango zen alternatiba bat bultzatzearren zigortu nahi zaituzte. 45 milioi euro eskatzen zizkizueten EAJ/PSEko agintariek, eta Espainiako Kontu Auzitegiak errugabetu egin zintuzten. Baina gehienetan egiten duten bezala jokatu beharrean, hau da, epailearen erabakia errespetatu beharrean, berriz jo dute zuengana. Hondoratu egin nahi zaituzte, zuen bizitza pertsonal eta familiarra baldintzatu nahi dute. Ez du etenik. Harrituta nago, minduta. Minduta, zuen kontra joan den Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa osatzen duen agintarietako bat nire herriko alkatea delako.
----------
Gari Iturbe
Aretxabaleta