Cadaques herria Kataluniako Girona probintzian dago, Cap de Creus parkean, Pirinioak itsasoratzen diren lekuan. Herri berezia eta orain gutxi arte nortasun handikoa. Uda sasoian topera egoten da eta, gu moduko turistak erakartzeaz gain, hainbat dirudunek bigarren etxea bertan eraiki edo erosteko beta hartzen dute. Beraz, bertakoek geroz eta zailago dute bertan bizitzea.
Nire lagunak, inguru horietan genbiltzala enteratu zenean, herritik pasatzeko gonbita egin zigun. Autobusa hartu eta hogei minutuko bidea ordubetez luzatu ondoren, trafikoaren eraginez, berarekin elkartu ginen.
Urteetako turismoak herrira ekarri zituen gauzez hitz egin ostean, kezka handiz ondorengoa esan zigun: "Pena bat dut: nire seme-alabek ez dute hemen bizitzeko aukerarik izango".
Isilunea eta ardura nire baitan.