Niretzat kalea aldarrikapena da, zaintza, borroka, kontaktua... Nire sinonimoen hiztegia osatzen joan ahala, zentzua bilatzen diot kalean egotearen garrantziari, kalea herriaren bihotz bihurtzeari. Nire ustez, horren baitan egiten baita herria. Herri izaerak egiten baitu herria. Herri izatetik HERRI izaterako bidea. Horrela sentitzen dut nik. Horretan amesten dut.
Kalea esentzia ezberdinez osatuta dago, eta bai! Ni eta zu esentzia horietako bat gara. Adin, kolore eta gustu ezberdinetakoak gara eta bakoitzak sinisten duen horretan jartzen duen aletxoak egiten du Aretxabaleta herri, izaera bereziko herri. Harrotasunez diot Aretxabaleta bizirik dagoela.
Nire gaurko aipamena bestelako herri baten alde lanean diharduten gazte kolektibo horientzat da. Poza ematen dit azken urte hauetan Aretxabaletan sortu den garrak. Zuek diozuen bezala, "haiek sortutako itzalak argitzeko, beti prest!".
Zaintza sarea sortu zenuten pandemia erdian, beharra zuten herritarrei laguntzeko. Feminismoaren aldarria ozen barreiatuz, ikusezina ikusarazten diharduzue. Herrian martxa jartzeko beti prest. Elkar-zaintzatik sareak josten diharduzue. Gazteen eta, oro har, jendartearen problematikak mahai gainera ekarri eta lantzen dituzue. Kultura sortzaileon sarea josi duzue.
Nire aipamen eta errekonozimendua zuentzat: Ernai, Pikarraituz eta Gazte Mugimendua. Bide batez, zuei ere bai, Kuartela. Lan handia egiten duzue, eta esker gutxi jasotzen duzue. Ez zarete gaur egungo agintariendako lehentasun, baina niretzat herriaren bihotza zarete.
Zuokin batera ni ere kalea(n) naiz.