Antza, bizitzaren inflexio puntuetako batean nago.
Zahartzaroa gertuago ei dut, baita osasun fisiko oparo baten langa ere. Puntu honetara heltzeak, oraingoz, ez dit traumarik ekarri. Bizitzak langa ezberdinak jartzen dizkit eta horiek datozen bezala bizi behar ditudalakoan nago. Momentuak eskaintzen dizkidan aukerak baliatu, horietara moldatu eta gozatu. Futbolean edo eskubaloian, zure ateko langa jotzen dutenean, beste aukera bat ematen dizu partidak.
Horrela bizi dut nik bizitza.
Egun bakoitzak aukera berri bat bizitzeko ate bat zabaltzen dit. Bizitakoa bizita, egin nahi dudan horretan energiak jarriz, urte bakoitzari zukua atera nahi diot. Beraz, langa berri honen aurrean eta esan dudan guztiarekin koherente izanda, bizitzen jarraitu nahi dut. Bizi eta ez iraun.
Mendiaz gozatzen jarraitu nahi dut, ingurukoen maitasuna zaindu eta mimatzen ernai egon nahi dut, umeen hazkuntzan eta hezkuntzan sakontzen jarraitu nahiko nuke, nire inkoherentziak limatu nahiko nituzke, musika egin eta zabaldu, laneko erronketan gogotsu jarraitu nahi dut Aretxabaletako Lanbide Eskolan, harremanak zaindu eta hobetu nahi ditut…
Bizitzako langa honetan, gainera, ahaztuko ez dudan fenomeno bat gertatuko da. Berri Txarrak taldeak agur esango digu. Gero arte bat izatea nahiko nuke, baina tira. Aspalditik jarraitu izan ditut; taldearen sorreratik, esango nuke. Gogoan dut, oraindik, Ezkutu tabernan lehen aldiz ikusi nituen egun hura. Musika eta letra edarrak, pertsona bezala handiak. Beraien letra bat gogoratuz egin nahi dut gaurko agurra: Bizi nahi dut hil baino lehenago, bizi egin nahi dut.