Martxoaren 8a: badut zer egina

Erabiltzailearen aurpegia Garikoitz Iturbe 2018ko mar. 2a, 08:21

Martxoaren 8a gerturatzen ari da. Urtero legez, egutegian puntu morea ikusi eta kolore horretako betaurrekoak hartuz egungo jendartearen irakurketa egiteko unea. Baina zertan laguntzen du egun bateko ikuspuntuak?

Nire talde gogoko baten abestiak dioen bezala, gizonak, botilak bezala, barrutik biluztu behar dira. Tira, ba.

38 urteko gizonezkoa naiz. Seme bakarra eta futbolari ohia. Parrandetan tabernetako errege sentitu izan naizen horietakoa naiz. Amaren janari goxoak jan eta muturrak garbitu ostean mahaitik altxatu izan naiz behin eta berriz. Mutila izanik jarrera batzuk onetsiak izan zaizkit. Ez dut ez depilatu ezta ximurrak disimulatzeko beharrik izan. Etxeko lanetan ezer gutxi egin dut. Gizonezko askok bezala, arlo teknologikoko ikasketak egin ditut. Nire ingurukoen zaintza lanagatik ez dut arduratu behar izan. Komentario sexistak egin izan ditut. Orain, aita bezala, ingurukoek ez dizkidate exijitu nire bikotekideari exijitu dizkioten hainbat kontu. Nire semeen hazkuntzari dagokionez, ardurak banatu arren, ardura batzuen pisua inkontzienteki bikotekidearen gain kargatu dudala uste dut.

Zerrenda luzea izan liteke, baina hemen utziko dut, idaztea ez zait-eta erraza egiten. Baina, aldi berean, ariketa polita eta zintzoa egitea eskaini digu mugimendu feministak. Emakumeek planto egingo dute. Bizitzan zehar ikusi nahi izan ez ditudanak agerian utzi nahi dituzte.

Beraz, Martxoaren 8an planto eguna nire inguruan arrakastatsua izan dadin, badut zer egina. Ardura ezberdinak nire gain hartuko ditut. Baina hurrengo egunera begira ere jarri nahiko nuke, mundu parekide eta justuago baten bidean urratsak egiten jarraitu nahi baitut.

Bitartean, nire errekonozimendu eta mirespen guztia azken urte hauetan norabide horretan borrokan ari zareten emakume guztiei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak