Gora bizitza!

Erabiltzailearen aurpegia Garikoitz Iturbe 2016ko ots. 19a, 09:33

Bizitzak momentu ezberdinak eskaintzen dizkigu eta momentu horiek bizi eta sentitzea gustuko dut.

Momentu horietako baten ezagutu genuen Admel. Mutil saharar hau Fuerteventuran bizi da eta gameluekin duna artetik ibiltzen da gu moduko turistak paseatzen. 

Berarekin izan genuen solasaldiak ongi irudikatu zuen bizi dugun errealitatearen ikuspuntu ezberdinen talka. Saharatik irten eta Frantzian bizi izan zen. Bertako bizimodu zurrun eta lanarekiko jendeak zuen harremanaz hitz egin zigun. Goizean goiz etxetik irten eta berandu arte lan egiten zuela zioen. Atzera begiratu eta bizitzako bizipenak lanak mugatutako egunerokotasunari loturik zituela zioen. Bizitza horrek bere ingurukoei ematen zien segurtasun eta estatusagatik, norberaren gogo eta nahiak alde batera uzteak kezkatzen zuen. Lanerako bizi ziren. Bizitza horretan itota, Fuerteventurara etortzea erabaki zuen. Bertan bizitza beste lasaitasun eta patxada batekin hartzen omen da. Hemen, bizitzeko lan egiten da. Saharan zuen bizitza moduaz alderatu du.

Aspaldi nabil gai honekin kezkatuta. Admelen gogoetak behin baino gehiagotan izan ditut buruan, behin baino gehiagotan lagun ezberdinekin izan ditudan elkarrizketetan. Darabildan bizitzeko modu edo erritmoa sanoa al da? Lanarekiko dudan harremana sanoa al da? Hobeto esanda, nahi eta gogoak alde batera uztea sanoa al da? Inguruan ditudan hainbat eta hainbat gaixotasun ez al dira aurretik esandakoaz loturik egongo? 

Admelek bizitako esperientzietatik ateratako ondorioa inteligentea iruditzen zait. Lan egin nahi dut bizitzeko, eta ez bizi lan egiteko. Gero, hori praktikara eramaten asmatzea da kontua; edo, behintzat, horretan saiatzea.

Bizitza iraun baino gehiago delako, gora bizitza!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak