Min egiten al dizut? Ohera, berandu da! Zergatik egiten duzu negar? Ez margotu paretak!
Egunerokotasuna mila galderaz eta mila eskakizunez betetzen dut. Askotan konturatzen naiz nire beharrak asetzea dela helburu bakarra. Nireak eta ez beraienak. Nireak eta ez zureak, Inder, nireak eta ez zureak, Euri. Barkatuko didazue, baina batzuetan nire kontzientziak gauza batzuk ez ulertzera eramaten nau, konturatzen naizen arte ez dugula berdin pentsatzen, sentitzen eta jokatzen. Mundua beste modu batera ikusten dugu eta ulertu dut, batzuetan kostata bada ere, zein polita den hori. Zer dago ongi eta zer txarto? Goazen gozatzera zuek niri eta nik zuei eman diezaiokegunaz. Nik zuei eta zuek niri irakats diezadakezuenaz.
Ni, zuek bezala, ume izan nintzen eta aitaita Fidel eta amama Maribel aita eta ama bilakatu ziren orain ia 35 urte. Orain nik bizi ditudan bizipenak bizi izango zituzten agian. Egia esaten badizuet, askotan ez nituen ulertzen zergatik jokatzen zuten modu batera edo bestera, edo zergatik esaten zidaten hura edo bestea.
Euri, Inder, esperientzia berri hauen guztien bizipenetatik barneratu dut zuekin ahalik eta ongien jokatzen saiatzen naizen bezain ongien egiten saiatzen zirela orduan ere aitaita eta amama.
Asko eman didazue eta askotan esker txarrekoa izan naizela aitortu beharra daukat. Orain naizena, gauza on eta ez hain on guztiekin, zuen laguntza beharrezkoaren ondorio izan da. Egia da ere hitz xamur eta barrura heltzen diren horietakoak ez dizkizuedala askotan esan. Bada garaia, ba, argi eta ozen esateko.
Asko gura zaituztet.