PISA

Erabiltzailearen aurpegia Gotzon Iparragirre

Udan, hondartzan irakurtzen ari nintzela, alabak hauxe esan zion amari: umeak adimentsuago direla, gauzak imajinatzeko gai direlako. 

Gogora ekarri zidan kontzentrazio-eremuetan egondako Viktor Frankl, berak baitzioen bertatik bizirik atera zirenak etorkizuna handik kanpo irudikatzea lortu zutenak zirela. Adibide baten zein bestean, giza adimenaren erroan imajinazioa agertzen da.

PISAk neurtzen du eremu hori? Eremu hori, edota ikasleak onberak diren ala ez, nolakoak etikoki, ze motatakoak giza harremanetan edota harreman intrapertsonalean... ba ote daukaten edertasuna estimatzeko gaitasunik, ze ikuspegi duten arteari buruz, dantzari buruz... Ze horiek aipatzen dituzte gure hezkuntza legeek.

Galdetzen zaie zoriontsu diren? Pozik bizi diren? Egin ote dezake ekarpen hoberik hezkuntza sistema batek, gizarte oso batek, bere ume eta gazteen zoriontasunaren bila jardutea baino? Badauka zentzurik gazteen osasun mentala hain zaurgarri den garaiotan konpetentzia matematikoa neurtzeak osasunari muzin eginez?

Halakoetan, zer eta zelan neurtzen den adinako garrantzia dauka zer ez den neurtzen, noiz eta PISAren edo edozein ebaluazio modernoren leloa, gainera, neurtzen ez dena ez dela garrantzitsu den egunetan. Beraz, argi dago ELGAk –gaztelerazko OCDE delakoa– zeri ematen dion garrantzia eta zeri ez. ELGA izenari erreparatu besterik ez dago: Ekonomia Lankidetzarako eta Garapenerako Erakundea. Argi dago zer den izen horrekin neurtuko duena.

Baina horrek zuzenean hezkuntza sistemen bihotzera garamatza, bere helburura: gizartea aldatuko duten gazteak hezten ari gara, edota gizartera moldatuko diren gazteak? Neurtzen denari erreparatuz gero, ez dago zalantzarik, eta gure gazteengandik espero dena da gizartera molda daitezela. Mundua onerantz joango bada, balio gorena beharko litzateke hezkuntzan gazteak onberak izatea. Badakigu diren? Neurtzen da?

Pisako dorreari buruzko aforismo filosofiko batek dio dorrea ez dagoela oker, oker dagoena mundua bera dela. Hala, PISA neurketak badira oker daudenak eta hezkuntza sistemen idealek, helburuek, azken xedeek diotena bada zuzen dagoena?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak