Futbol ekipo bateko kapitaina autobuseko eskaileretara igo eta gartsuki zaleei zuzentzen, denok bat gara, denon artean ahal dugu eta ez gara inoiz errendituko lemak erabiliz denak gora ekarri nahian; futbolari bat ez dakit ze lortu zuela eta, promesa betez, hasiera baten katamarrean eta gero belauniko, futbol-zelaia gurutzatzen atzean kazetari multzoa jarraika zuela notizia ez diren horiek notizia bihurtzen; eta beste futbol talde bat aldagelan garaipena ospatzen futbolari bat arrain disfrazatuta.
Benetan zalantza sortu zitzaidala ea albistegi bati begira edota desertuko ihesaldian Jesusen arrain eta ogien mirariaren aurrean ote nengoen. Han zegoen kapitaina, mesias berria balitz bezala, desertua igarotzen ari diren zaleak goratu nahian, beste futbolaria penitentzian eskerrak emanez belauniko hara eta hona, eta, nola ez, mirariko arraina ere aldageletan.
Izan ere, jainkoak ez dira besterik gabe deuseztatzen, ordezkatu baino. Dirua omen jainko berria… dirua, eta bere bueltan ari den fantasma andana ere bai. Nik, aukeran, jainkorik eza bera nahiago dut jainko horiek baino.