Segi ibaiaren beste aldera ahalik eta lasterren, albokoarekin lehiatu, ez geratu… Badakite eurak ez direla inportante, taldea baizik. Biziraupeneko borrokan kolektiboa da garrantzitsu...
Gure hezkuntza sistemak, eskola guztiek, proiektu denek, diote pertsona dagoela erdigunean. Hezkuntza sistema gizarteko behar, erronka, miseria, ahulgune eta torpezia guztien ispilu dela uste dut. Bestela esanda, gizarte hobea lortzeko dena kabitzen den zulo ederreko galbahe bat.
Hala, gizarteak eskulanaren beharra badauka, nola etorkizunerako prestatu beharra dagoen, zientzia eta teknologiako ikasgaien orduz asetzen du sistema. Ikasgai horietako zenbat eta zenbat ikasitako ez ditu hainbat eta hainbatek bere bizitzan gehiago ezertan erabili! Eta, bitartean, nola Serengetiko krokodiloek ñuen zintzurrak maspiltzen dituzten, hala ikasle asko itotzen ari zaizkigu ikasgai horien zurrunbiloan.
Etorkizunerako prestatzeko aukera guztiak irekita utzi beharraren itxituratik irten ezinik itotzen, curriculum estuegi baten zirimolatik atera ezinik itotzen, euren bizitza zentzua topatu ezinik itotzen. Itotzen, antsietate tasa ikaragarriak emanez eta osasun mental arazo gero eta larriagoak erakutsiz.
Pertsona balitz erdigunea, arteak, filosofiak, poesiak, literaturak, musikak, dantzak, norbere ezagutzak eta harreman intrapertsonalek eta interpertsonalek pisu gehiago izango lukete bakoitzak bere bizitza zentzua eta proiektua gara ditzan. Eta, agian, pertsona izango litzateke gizarte eraldatzaile, eta ez gizartea pertsonaren modelatzaile edo, akaso, zanpatzaile. Eta hori noiz eta ustez gizarteko balio gorenena banako libertatea den honetan. Ala hori sistema neoliberalak bakandu gaitezen darabilen amarrua baino ez da?
Ñuek ondo baino hobeto dakite Serengetiko beste ibaiertzera iritsitakoan nora jo. Baina zer egiten du ikasle batek Serengetiko ibaiertzean, ibaia gurutzatu ondoren bere lekua Eskandinavian zegoela ohartzen bada?