Alfa arrak

Erabiltzailearen aurpegia Gotzon Iparragirre 2022ko urr. 28a, 00:00

Bada biziki harritzen nauen zerbait: gizakion banakako askatasuna inoiz baino gehien baloratzen duen gizartean egonik edota berdintasunaren aldeko lelo eta diskurtsoak gero eta ozenago izanik, nola gerta daitezkeen matxismo zaharkitu, gordin, baldar eta trauskilaren zantzuak, nola ote den posible alfa arrak hain lasai ibiltzea larrean.

Estatu mailan egin den ikerketa batek hau zioen: 2019an, gazteen %12k uste omen zuen sexu jazarpena nesken asmakizuna zela; 2022an, berriz, %20k. Borondatea ezabatzeko botikak, ziztadak, AEBetan eta beste herrialde batzuetan kirolean sistematikoki sexu-jazarpena gertatzen dela dioten txostenak... Gazteen ereduen lanketan ari diren adituek diote zur eta lur uzteko ereduak direla euren gustukoak. Harreman heterosexualetan, nesken kasuan, euren bikotekidea jeloskorra izatea baloratzen ei dute asko; mutilek, berriz, neska menpekoa izatea. Ederrak biak ere! Bestea jeloskorra izatea ni maitea izatearen neurri ei da. Penagarria!

Eta gero, klaro, matxismo-haztegi honetan, Madrilgo ikasle-egoitza nagusi bateko astapotro kuadrilla bat agertzen da leihoetan neskei "puta!" deitzen, gordelekutik ateratzeko oihu egiten, txortan egingo dutela esaten, eta, hori gutxi balitz, neskak, ondo ikasiak eurak ere, mutilei aurpegia ateratzen. Ez dakit noiz, baina kapituluren bat galdu dudan sentsazioa daukat, erregresio bortitza. 

Nire aletxoa jartzera noa: inoiz, gizon izanik, berdintasunaren aldeko kontzentrazioetan deseroso sentitu naiz nire begien aurrean jarri izan didaten pankartaren bategatik. Ulertu ditut helburuak, agian, bidea bere osotasunean ez konpartitu arren. Baina jakizue beste astapotro kirten kuadrilla hori oso ondo mugitzen dela konfrontazioan, harrotu eta puztu egiten direla, eta, agian, suari gasolina botatzen ari gatzaizkiola. Uste dut gai honek, ia bizitzako gehienek lez, ezker eskua behar duela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak