Mark gogoan

Erabiltzailearen aurpegia Gotzon Iparragirre 2017ko urr. 27a, 07:35

Duela aste batzuk, mezu bat; mezu laburra. Mark Stutter hil zen. Halakoak, beti labur.

Anthonyren eta Maiteren semea. Banekien gaixo zebilela, baina, hala ere, ohiko legez, ezustean harrapatu ninduen berriak. Supituan, elkar ezagutu genueneko garaiak suspertu zitzaizkidan.

15 urte besterik ez genuen biok, baina unibertsoa bera zegoen bion tartean. Atzo balitz bezala begitandu dezaket ezagutu zintudan unea. Ai, ama, zer zen hura! Kanpera haiek, gitarra sorbaldan zintzilik, melena ile horia airean, beti jende andana inguruan, nola erleak nektarrera, hala jendea gerturatzen baitzitzaizun, bereziki, neskak; eta, nola ez, levisak… Ez edozein levis gero, etiketa gorridun levisak! Hain zen mundu liluragarria zurea! Oraindik amestera iritsi ez nintzena irudikatzen zenuen, modernitate ikur, begientzat eztanda.

Ni, berriz, oilalokaren hegalpeko arrautzaren azala apurtu ezinik zebilen antzuolarra besterik ez nintzen. Nik ere, zuk bezala, melena ile horia; horixe bakarrik komunean. Gainera, gerora izan genuen topaketa bakarrak erakutsi bezala, zurea tinko ainguratuta; nirea, berriz, udazkeneko orbel.

Gorrotagarri ere bazinen, Mark! Eta esaten hasita, harroa ere bai. Hori sinetsita nenbilen orduan. Ai, baina, ze maisua den bizitza! Ustezko besteen harrokeria gure nahi eta ezina edo inbidia baino ez dela erakutsi dit. Ikasi dut besteenganako juzguak bizitzari begiratzeko daukagun ikuspegiaz dioela, batik bat; alegia, gu geuri buruz ari garela besteenganako juzguez. Eta bereziki, lilurak ez dakarrela halabeharrez bekaizkeriarik bere zorroan; badagoela liluratzerik inbidia sentitu barik. Ai, orduan jakin izan banu!

Begiak itxi, eta nonahi entzun ditzaket zure gitarraren akorde soil, xume haiek. Iltzatuta daramatzat, ordutik, bion esentziari adierazgarri, gure jatorrizko bi munduen uztarri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak