Handiko izkinatik gerturatzen ari den ile zerratua duen hura burusoiltzen antzemango duzu, bekokitik buru gainerantz, edo garondo paretik bekokirantz; batek daki, igual Normandian tropa aliatuak bezala hasiko zaio buru-larrua azaleratzen, norabide guztietan, laster aeroplanoak bertan lur hartzeko eran gure laguna.
Eta gerri bueltak, zer? Ai, gerri bueltak! Gazte altu ihar hura laster irudikatuko duzu tripa ederraz, tripa engainagarri batez. Altuek ez dirudite halako tripatzarrik dutenik, baina, ondo erreparatzen badiozu, laster ohartuko zara itzela duela. Ia esternoiaren parean hasten zaio eta luze, zabal eta sakon da. A ze tripontzia!
Bere sorbalda zabalengatik lausenguak jasotako hura, berriz; ai, hura... Han ikusten duzu plaia ertzean, oraindik gazte, trajebainu pegatuaz, trinko... Baina tripak aurrera egin ahala, aurrera eta behera, bainujantzia gero eta nasaiago irudikatuko duzu, eta izterraren eta bainujantziaren arteko zirrikitutik, deskuidu baten, barrabilen batek ihes egingo dio, hau ere barrabil-zorroan gero eta laxatuago... Ai, ama! Ze sexya, e, neskak!
Agian pentsatuko duzue: "Dena ez da, ba, hala izango". Ba ez, arrazoi duzue.
Normandiako burusoilari geratu zaizkion lau ileak, hauek tente gorantz begira daude, izan zirenari eutsi nahian, ondoan inor ez edukitzearen pisu ezagatik, horretxegatik bakarrik, tente daudela ohartu gabe.
Eta sudurra eta belarriak? Ño, hauek ere aurrera eta aurrera, eten gabe. A ze piura!
Badu, hala ere, bizitzak, zer irabazirik. Zaude lasai. Gardentasunean ikaragarri irabaziko duzu. Ez dizute emakumezkoek begiratuko, eta begiratuta, ikusi ere egingo. Bakarrik amaren lagunek ikusiko zaituzte.
A ze etorkizuna!