Hor ikusi zaituztegu, Gaztetxea prestatzen, lejia galanki erabiliz garbitzen, eta zuen txandak ez zirenetan ere, guardian, jende andana sartzen bazen Gaztetxera, barra barrura sartzeko. Bizitzako kolpe latzek barrua samurtzen laguntzen digute, baina samurtasunak beti barrutik kanporanzko bidea egiten du, eta zuen barrenetan soberan duzuela erakutsi diguzue.
Askotan entzuten ditugu gazteei buruzko esamesak, gehienak eskasak, gutxiespenezkoak. Hurrengo halakoren baten aurrean, zuengana bidaliko ditugu.
"Eutsi, Unai; ez etsi", diozue behin eta berriz. Seguru gara ez duelako etsiko, eutsiko diola. Baina zuek ere ez etsi, eta segi halaxe, ikasi nahi duenari, lezioak ematen, dohainik. Unairentzat energia-uholde zarete, eta gizartearentzat, esperantzazko hauspo. Eskerrik asko, guztion izenean!
----------
Nekane Arratibel, Amaia Etxaniz eta Gotzon Iparragirre
(Guraso talde baten izenean)
Antzuola