Eta etorri ziren, eta joan dira; Gallinerotik bisitan etorri zaizkigun 37 ume eta 4 begiraleez ari gara. Elosu aldeak harritu zituen hasieran, harritu bere edertasunaz, berdetasunaz, behe-laino finaz… larrean ari ziren ardiek ere bai, nola ez, eta egia esateko, ardiak ere harritu ziren eurekin, hartantxe maisu baitira: inor axolagabe ez gara geratu euren aurrean, ardiak ere ez. Etorri ziren geroago, Donostia, Aquariumeko arraintxoak, Gomiztegiko Artzain Eskola eta Arrikrutz, Elosuko zaldiak…
Bizi izandakoa kontatzea eta bizitzea gauza bera ez diren lez, eskertu nahi duguna eta hitzez adierazi ahal duguna ere ez. Hala ere, eskerrak ikastolako gurasoei, askoren jarreragatik, eta bereziki, arropa guztiagatik, langileei, emandako guztiagatik, Lehen Hezkuntzako ikasleoi, Gallineroko umeak nola hartu dituzuen moduagatik, Aquariumeko Fundazioari, Arrikrutz eta Gomiztegiko arduradunei, Elosuko zaldi-haztegiko arduradunari, Elosuko auzo-lagunoi, izan duzuen laguntzeko jarreragatik, jateko hainbat produktu eman diguzuen guztioi, eta batez ere, Goi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleei, zuek barik hau ez zen-eta posible izango.
Ume batzuen oinarrizko eskubideak bete zitezen nahi izan dugu, lau egunetan zehar bakarrik izan bada ere. Jakin dugu umeak Gallinerora iritsi zirenean ze aurpegi zoriontsuz iritsi ziren. Horrekin geratuko gara, horrekin, eta transmititu diguzuen bizi-nahi, ilusio eta alaitasunaz, horixe dauka-eta emateak: ematen dena baino gehiago jasotzen dela. Eskerrak, guztioi!
--------------------
Gotzon Iparragirre
(Mariaren Lagundia Ikastola)
Bergara