Herri harresia

Erabiltzailearen aurpegia Garikoitz Igartua 2014ko urr. 17a, 00:00

Ostiralean, urriak 3, Koldo Mediavillak idatzi eta Arrasateko EAJko taldeak itzulitako gutuna dela eta, hainbat kontu argitu nahiko nituzke.

Nire burua aurkeztu behar lehenengo. Beste hainbat herritarrekin batera, Madrilera abiatzear ziren gazteei zein bertan geratzea erabaki zuten 5 gazteei elkartasuna eta maitasuna helarazteko, Loiolako herri harresian parte hartu nuenetako bat naiz. Aldez aurretik, gogorarazi nahi dut gazte hauek Euskal Herriaren aldeko lan politiko eta soziala egiteagatik izango direla epaituak eta honen aurrean sortu berri den mugimendu berria guztiz herritarra dela. Beraz, herritik horren urrun sentitzen bazarete, atera zeuon kontuak. Horregatik, testua ez dut kritika bezala hartu. Argi gelditzen da haserre zegoen batek idatzi zuela. Haserre zegoen batek burura etortzen zitzaizkionak besteei leporatzeko.

Baina ez da hori bakarrik. Herri harresia kontestutik atera duzue, nahi bezala interpretatzeko. Garbi utzi zuten 5 auzipetuek elkartasuna eta konpromisoa eskatzearen zergatia: "Gure helburua Euskal Herrian sortu behar dugun herri harresia eraiki eta indartzea da. Herri harresi bat epaiketak amaitzeko. Herri harresi bat gatazka politikoan aurrera egiteko". Begira bestela hemeroteka. Horregatik hurbildu ginen ni eta beste hainbat gazte Loiolara.

Baina ez, zuentzako ez. EAJ geneukan jopuntu, Ertzaintza probokatu nahi genuen, errepresioa bizi...

Epaiketa politikoen aurkako herri harresia zen, konponbidearen aldekoa. Non kokatzen da zuen alderdia, hortaz? Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu, Ertzaintzak atxilotu, epaitegira eraman eta epaitu. Ez al da epaiketa politikoetako katebegi bat poliziaren papera? Eta epaiketa salatzeko ekintza bat desobedientzia? Ez. Barkatu. Ahaztu egin zait "probokatu eta errepresioarekin lotu" nahi genituela bakarrik.

Egunkarietako iritzi artikuluek ez dute ezer aldatu: epaiketak aurrera doaz. 28 dira oraingoan eta gutxiago akaso hurrengoan. Baina aurrera doaz. Eta ez dut zuen elkartasun zantzurik ikusi.

Harritu egiten nauzue. Hurrengo herri harresian, ordea, han izango naiz berriro. Epaiketa politikoak amaitu arte, konponbidearen alde.

----------

Garikoitz Igartua

(Herri harresiko parte hartzailea)

Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak