"Bizilagun zabor zintzilikatzaile"

Erabiltzailearen aurpegia Goizane Gabilondo Markes 2013ko ots. 25a, 01:00

Eskoriatzako herritar naizen honetan, harrituta nago azken egunetan...

... balkoietan agertu diren zabor poltsekin. Suposatzen jarrita, atez atekoarekin ados ez daudela ulertu dut. Honetara, nire bizipena kontatu nahiko nioke bizilagun horri. 

Zaborren gaia borborka hasi zenean, nire buruan sortu zen lehenengo galdera zera izan zen: eta zergatik ez bosgarren edukiontzia? 

Galdera honekin buruan, hitzaldi batera jo nuen. Hara non zeharo txundituta atera nintzen bertatik eta galdera erantzunda. Birziklatzen dugunok beste guztiek ere birziklatzen dutela suposatzen dugu. Inuxentea ni! Eskoriatzarren %30ek bakarrik birziklatzen dugu. Bosgarren edukiontzia, beraz, gutxi batzuek erabiliko genuke, eta hemen dator arazoa. 

Orain arte ez dut jakin zehazki zer egiten den nire zaborrarekin (ez nintzen kontziente). Zuk badakizu? Sorpresa! Bailara txiki antzeko batean pilatu, ondo zapaldu eta gehiagorik kabitzen ez denean, belar berdez jantzitako mantoia jartzen da gainean. Ederto! Lur azpiko ur guztiak kutsatzen doaz sortzen diren milaka erreakzio kimikori esker.

Hitzaldi ostean zera dator nire burura: ene, ama! Gure Lur planeta ederra kakaz betetzen ari naizela eta ni enteratu gabe! Zer utziko diet nire oinordekoei, "kakaz"-ko mundu bat? Ez, ez, ez, hori ez!

Honen aurrean zeintzuk dira aukerak?

1-Bosgarren edukiontzia jarri. Herritarren %70ek erabiliko ez dutena. Horrentzat lasai, errauskailu bat eraikiko dugu eta kito. Lehenengo lurra eta orain airea kutsatu? 

2-Ahalik eta zabor gutxien sortu eta atez atekoarekin birziklatze tasak igo. Askotan, haurrei zer dagoen ongi eta zer gaizki esaten diegu arriskuez kontziente ez direnean. Behartu egiten ditugu gauza batzuetara. Haurrak modukoak gara zaborren aurrean.

Antzuolara joateko gogoz nabil atez atekoaren errealitatea ikustera. Animatzen? Bidaian gustura hitz egingo dugu honetaz guztiaz.

Zure zain gelditzen naiz, bizilagun zabor zintzilikatzaile.

--------------------

Goizane Gabilondo Markes

Eskoriatza

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak