Aurtengo ikasturtean, IAko kideok aldaketarik ikusi ez dugunez, arduradun batzuekin hitz egitea erabaki genuen, gure proposamenak esan genizkien eta eurek greba araudia aldatzeko konpromisoa hartu zuten. Hortaz, manifa nazionala bertan behera uztea erabaki genuen, konpromiso zehatz batzuk hartu ostean.
Bestalde, martxoaren 21ean ere greba daukagu, Hezkuntza Sisteman gertatzen ari diren atzerapausoen kontra, eta lotsagarria da oraindik aldaketak egin gabe egotea.
Gure eskariak hauek dira:
-%25eko desbinkulazio langa kentzea.
-DBHko 4. mailakoek greba eskubidea izatea.
-Ikasle Abertzaleek ikastetxe barruan lan politikoa egiteko aukera izatea.
-Azterketak greba egunarekin bat eginez gero, azterketa hori atzeratzea.
-Paro eskubidea onartzea. Manifaren harira presioak ere jasan genituen ikasleok. Ikasleei esan zieten egun hartan manifara joanez gero, gurasoei deituko zietela, edo falta bat jarriko zitzaiela ordu hartan gelan ez egotearren.
Gainera, bezperan bilera bat egin zuten, gurasoek seme-alabei manifara joaten ez uzteko, oso arriskutsua izan ahal zelako. Eta irakasleek bazekiten, bitartekari eta militanteok esanda, istilurik egongo ez zela.
Baina, Iñaki Etxezarretak esango zuen bezala, euren zirkuarekin jarraitu zuten.
Adibidez, Olarteko umetxoen gurasoei esan zieten lehenago jaso behar zutela haurra, manifako istiluengatik.
Ikasleak elkarren kontra jartzen saiatu dira, izkina bakoitzean gauza ezberdin bat esanez, eta ordezkarien ahotan beraiek esan ez dutena ipintzen, Donostiako baten agindupean geundela, adibidez; eta hainbat ordezkarik jakin gabe, denen izenean testu bat zabaldu zuten. Gainera, Arizmendi euskararen atzean ezkutatzen zen eztabaidan ez sartzeko, IA euskararen kontra balego bezala!
Gure eskariak minimoak dira, araudiaren aldaketa azkar batekin konpontzekoak, ez "partehartze prozesu" tutelatu eta amaiezin batean itotzekoak.
Beraz, ikasleok batuta eta lanean jarraituko dugu.
----------
Gorka Etxabe
Arrasateko Ikasle Abertzaleen (IA) izenean
Arrasate